|
|
SOZIEDAD
ALKOHOLIKA Taldeak burutu zuen iraupen luzeko lehen lana maisulantzat jo daiteke beldurrik gabe, ganorazko edozein metal edo hard core-zaleren fonotekan ezinbestekoa. Orotara 40 minutu denboran entzungai diren hamalau abestiek arraskoa utzi zuten eta gauzak ondo egiteko jarraibide gertatu zitzaizkien hainbat talde berriri. Disko honetan lehengo maketan ere aurkeztu zizkiguten kanta batzuk biltzen dira, benetako himnoak alajaina, hala nola: “Shaktale”, “Nos vimos en Berlin” eta “Kontra la agresión, kastración”; denak zein baino zein gogorragoak dira eta disko osoa suertatzen da jarraitzaileentzat interesgarri. Hitzak inoiz egin diren onenetarikoak dira, jorratutako gaiak, berriz, inork ordura arte landu gabeak... esate batera, haurrak antigorputzak dira “Que no te hagan llorar más” kantuan, eutanasia aktiboa “Como una mierda” abestian, animaliak laborategiaren biktimak “Cienzia asesina”n, ohiko lausengari edo zuriak “Pelota” izenekoan eta horiekin batera kristoren abesti batzuk ere badaude: “Perra vida” edo “Amnesia”. Disko hau kaleratzerako badugu Pedro (Vitu’s dance) taldean, Oskarren ordezko. Ekoizpena aintzat hartu behar den beste osagaietako bat dugu: IZ estudioetan grabatu zuten, taldearekin berarekin batera ekoizle lanetan Kaki Arkarazok jardun zuela. Den-dena bikaina da, Overdrive, haien konpainia, izan ezik. Diskoetxeak diskoari eman zion tratu txarrak askozaz emaitza hobeak erdiestea galarazi zion, izan ere, entzuleak eta kritikariak liluratuta utzi baitzituen barruan zeraman musikak.
(Mondo Sonoro) |