|
|
BIOGRAFIAEz da erraza Soziedad Alkoholika musika-estilo jakin batean sailkatzea. Thrasha, Hardcorea, Metala, Punka... Egia bakarra hauxe da: taldearen funtsezko oinarriak indarra eta abiadura izan direla beti, eta kantetan era guztietako eraginak antzematen zaizkiela, betiere beraien estilo ezaugarria nagusi dela. Testuei dagokienez, musikaren ildo berari jarraitu diote beti. Gizartearen aldeko konpromisoan eta zuzeneko salaketetan oinarritutako letra gogorrak eta argiak izan dira taldearen ezaugarri bereizgarri nagusietakoak. Jarrera ausarta hori dela eta, hamaika gorabehera izan dituzte justiziarekin, sektorerik kontserbatzaileenen ekinen ondorioz. Taldeak ederki nahastu ditu bazterrak, hasiera-hasieratik. Lehen demoak, "Intoxikazión Etílica" izenekoak, berebiziko arrakasta lortu zuten, taldeak uztartzen zituen indar eta abiadura ikaragarriak ez baitziren oso ohikoak ordura arte. 1991an kaleratu zuten lehen LPa, "Soziedad Alkoholika". Harri eta zur utzi zuten kritika espezializatua, eta era guztietako musika gogorren jarraitzaileak barra-barra erakarri zituzten. Taldearen lehen lan ofizialak bertan behera utzi zituen ordura arte ustez bateraezinak ziren bi estilo zeharo desberdinen arteko mugak: Punkaren eta Metalaren artekoak. Eta bultzada handia eman zioten eszenari. Denbora laburrean, estatuko eta kanpoko hainbat eta hainbat talderen erreferente izatea lortu zuten. Eta jakina, lehen LPa crossover-eko lan klasikoa bihurtu zen kaleratu eta ia berehala. Handik urte gutxira, 1995ean, bi EP eta bigarren LPa argitaratu ondoren, kontzertuak emateari utzi gabe, diskoetxe independentea sortu zuten: Mil A Gritos Records. Urte hartan bertan kaleratu zuten hirugarren LPa, "Ratas", eta berriro ere txundituta utzi zituzten denak. Soinua erabat zainduta, inoiz baino lan gogorragoa egin zuten. Ordutik aurrera, ia lan guztiak beraien diskoetxean ekoiztu dituzte, eta bertan kaleratu dituzte beste talde batzuen diskoak ere. Taldea sortu zenetik, Soziedad Alkoholikak etengabe jardun du kontzertuak ematen Espainia osoan, Ameriketan, Europan, Japonian... 8 LP argitaratu eta 350.000 disko baino gehiago saldu dituzte Espainiako estatuan. Talde independenterik ezagunenetakoa da, eta zuzeneko kontzertuetan jende gehien biltzen duenetako bat. Beraien prestakuntza izugarriak ia berdin dirau oraindik, eta hasierako jatortasunak ere bai, grabaketetan eta zuzeneko emanaldi izugarrietan. Soziedad Alkoholika, indarra eta kemena
JUAN: ahotsa |